Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

viernes, 20 de diciembre de 2013

Zeanuriko ermitarik ermitena

Ensaioaren eguna
Txalo artean estrenatu zan atzo Zeanuriko ermitarik ermitena herri antzerki musikala. Antzezle eta musiko profesional eta zaleen artean ordu beteko espektakulua eskeini eben Andra Mariko parrokian.
Publikoaren eritxiz San Lontzo litzateke Zeanuriko ermitarik ermitena, bigarren postuan Altzusteko San Migel sailkatu zan, eta hirugarren postuan, lau ermitek bardindu eben botoetan: San Justok, Santa Agedak, San Balendinek eta San Urbanek.
Hona laburpena eta laster antzerkian zehar ikusi zan aurkezpena bisuala.












Zeanuri: ermitarik ermitena
(herri antzerki musikala)







Antzezleak:

Bibiñe, Anita eta Itziar: aurkezleak eta epaileak
Gazteak 03: bi edo hiru edo lau, sarreran eta bitartekoan
Azafatak: lehiaketea aurrera eroateko
Justo eta Pastor. Isidro
Pedro, Santiago, Joan eta Ander
Luzia eta Ageda. Korua
Lontzo eta Antonio
Edurretako Ama, Adrian eta Balendin
Blas eta Urban. Santi Kurutz
Mikel Uribe eta Mikel Altzuste



1.    agerraldia

(Gazteak 03 taldeko bi edo hiru, egunkari bat (Begitu edo) irakurten dagozalakoan, jarrita edo zutunik)

-Leidu dozue hau? Arratia Telebistak zuzenean emongo dau Zeanuri: ermitarik ermitena txapelketaren finala!
-Zeanuri: ermitarik ermitena? Zer berba joko da hori?
-Ez dira danak ermitak ala? Zelan izan leiteke bat bestea baino ermitagoa?
-Hemen dinoanez, ermita bakotxak bere kandidaturea agertuko dau: artea, historia, antxinekoa dan ala ez, eta epaileek ermita bat aukeratuko ei dabe herriko ermiten ordezkari. Gero Arratia mailan be egingo ei da txapelketa bera.
-Ea ekarri hori.
-Eta publikoak be hartuko ei dau parte, itaun errez batzuei erantzun, eta sariak irabazi: ez dakit nongo ermitara biajea eta…
-Bai, asto ganean biajea, danok dagoz berton eta!
-Ez, Euskal Herri mailako ermitarik ermitena aukeratzen danean, haraxe joateko: biajea eta bazkaria eta…
-Eta noiz grabetan dabe finala ba?
-Grabau ez, zuzenean emongo dabe, oraintxe hasiko dira Andra Mari parrokian, 6retan edo.
-Bizkor bagabiz geu be helduko gara.
-Itxaron, itxaron, Maitaneri guasapa agindu behar deutsat, abisua, harek be urtero egiten dau ermiten ibilaldia eta. Interesauko jako.
-Goazen, goazen, leku ona harrapatzeko, beteta egongo da-eta.

(Badoaz. Musikea)


2.    agerraldia

(B, A eta I telebistako aurkezle moduan).

 
Lehiaketaren aurkezleak

B- Arrastion Arratia Telebistaren bitartez zuen etxeetan gaurko lehiaketaren finala ikusten zagozien guztioi.
A- Arrastion final hau zuzenean ikusten gure estudioetan zagozien entzule guztioi.
I- Astez aste, hamahiru programatan zehar, Zeanuriko ermita guztiak bisitatu doguz. Zeuek zarie testigu.
B- Euren historia eta ohiturak, jaiak eta santuak, artea eta anekdotak batu doguz.
A- Eliminauta geratu zan Axpeko San Pedro bere egoera negargarriagaitik. Baina zein da Zeanuriko ermitarik ermitena?
I- Zuen botoak erabakigarriak izango dira Zeanuriko ermitarik ermitena aukeratzeko orduan. Eta txapeldunak Arratia mailako txapelketan parte hartuko dau.
B- Eta Arratiako txapeldunak, Euskal Herri mailan ETB prestetan dabilen txapelketa nagusian, Arratia ordezkatuko dau.
A- Zeuek be, gaur gure artean zagozienok, partu hartu zeinkie zuen txalo eta botoakaz, eta sari politak irabazi.
I- Adibidez, Euskal Herriko ermita txapelduna ezagutzeko biajea, bazkari eta guzti.
B- Baina ez daigun denpora gehiago galdu, musika apur bat eta hasi gaitezen final handi honegaz.
A- Suerte ona parte hartzaileei.
I- Txalo bero bat guzti guztioi!


3. agerraldia: San Justo eta Pastor. Gero Isidro.

(Ume bi, santu honeen jantziakaz sartuko dira)

B- Eta umeok nondik datoz ba? Nortzuk zarie?
Umeak: Gu Justo eta Pastor umeak gara, Gorbeia magaleko ermitaren santuak, Otzemendiko kofradian.
B-   Eta ze meritu dozue txapelketa hau irabazteko ba?
Justok: Jesus ume guztien laguna zan eta geu be ume…
Pastorrek: Eta gure ermitea leku zoragarrian dago, eta karobia isituten da han, eta kanpaia barri-barria daukagu, aurrekoa ostu egin euskuen eta.
B- Eta nongoak izan zinien zuek ba?
Justok: Gu jaiotzaz Madrilekoak, baina odola isuri genduan Jesus ez ukatzearren…
Pastorrek: Eta orain mundu guztian ezagunak gara.
B- Madrile aipatu dozue, badaukagu Madrileko beste santu bat ermita eta guzti Zeanurin, sartu daitela… Isidro santua.
(Sartu Isidro, nekazari jantzita)
Isidro: Arrastion guztioi. Bai, neu be Madrilekoa naz baina umeok ez dodaz ezagutzen, ni jaio baino askoz lehenago hil ebezan. Dana dala, nire izena askoz entzunagoa da, eta zelako azokea Zeanurin nire egunean, eta zelako mezea, eta zapatu guztietan be bai.
B- Bueno bueno, santuen artean be badago saltsarik antza, ez ermita artean bakarrik. Txalo handi bat hiruroi eta epaileak, gu hirurok, gure puntuazinoa emongo dogu.

(Badoaz hirurok. B geratzen da atzean eta aurrera A doa)
(Musikea)


4. agerraldia: San Pedro eta Santiago apostoluak. Gero Joan bateatzailea. Azkenean Ander.

(Santu honen jantziakaz ume bi)

San Pedro: Bueno bueno, orden apur bat hemen. Santuetan lehen, Aita Santua eta apostolua neu naz. Eta ikusi ze ederto konpondu deustien ermita handi zoragarria Undurran. Ermitea baino gehiago, elizea be!
Santiago: Bueno, neu be apostolua nintzan, eta Jaunaren alde bere odola isuri eban lehenengoa. Eta ez ermitea ez eleizea, nik parrokia daukat Ipiñaburun.
A-    E, e e! Isilik! Hau ez da Vatikanoa eta hemen aurkezle eta epaile garenok daukagu azken berbea. Kontuizue geuk emongo doguzala puntuak finalerako, eta apaltasun gehitxoago hobeto danontzat.
Joan: (sartu beste ume bat holan jantzita) Horixe dinot nik. Apaltasuna behar dogu hemen. Ni ibili nintzan ardi larruz jantzita pobre basamortuan. Neuk bateatu neban Jordan Ibaian gure Jauna. Neu…
A-   Neu, neu. Zeuk be apalatsun apurtxo bat be beharko zeunke ezta? Eta zer dinozu zure ermitaren gainean, ze defensa daukazu bere alde txapeldun izateko?
Joan: Ermita zoragarria, Zeanuriko zaharrenetarikoa, bertan ei dago Zeanuriko herriari izena emon eutsan gizasemearen hilobia. Eta zelako lan politak ez dabezan egiten bere jai egunean.
Pedro: Undurran politagoak.
Santiago: Baina politenak Ipiñan.
Joan: Zuek hor zabizie, urte baten jai, hurrengoan beharra, jai eguna dan be jakin barik sarritan. Nire jaia bezperatik da ezaguna mundu osoan, su, eta argi eta ur bedeinkatu…

(Ander sartzen da…)
Ander: Et, et, et. Apostolua eta martiria neu be banaz. Ermita zoragarria neuk be badaukat. Itzelezko jaiak, nire auzokoak. Eta bistak, zelako bistak: handik Arratia osoa ikusten dala. Ander apostolua nozue, Jesusen lagun minen taldekoa.
A-   Bueno, entzun doguz lauron defensa sutsuak eta pisuzkoak. Sartu itxaroteko gelan, tenplau, nasaitu apur bat, eta suerte ona izan daizuela final honetan. Hemen gagoz, entzuleok, Zeanuri: ermitarik ermitena txapelketa final hau zuzenean emititzen Arratia Telebistaz, bertotik, Zeanuriko Andra Mari parrokitik, gaur hauxe dogu gure estudioa eta!

(Musikea, badoaz lau santuok, A bigarren planura, I dator aurrera)


5.    agerraldia: Neskatxi martiriak: Luzia eta Agate

(Sartzen dira neskatxi bi, Santa Luzia eta Santa Agedaren jantzi eta ezaugarriakaz)

I: Honeek gizonok egin deuskue ederra!, ze saltsa zein dan nagusi. Ea neskatxiok nasaigo jatorkuzan. Biak martiriak ganera.
Agate: Ni Agate naz, entzun herriak zer dinoan nire kontura:

Atxondo:
Santa Ageda santea,
Muniketako lorea;
martirioak pasau zenduzan
zaindutearren fedea.

Luzia: Bai, eleizeak behar dau emakumeon parte hartzea hobeto joateko. Ni jostun eta okulisten zaindaria naz, eta bista ona daukat holako gauzetarako.
Beitu, entzun, bertsoz esango deutsuedaz gauza pare bat:

Atxondo:
Santa Luzia Altzustekoa
martiri santa gurena
zeu zara gure begi-bihotzen
argi eta mirespena.
Berbiztuaren aintza bizian
gorputz arima zaudena,
zeu zara gure bideko argi,
zeu zara itxaropena!

Agate: Bai bertso motza. Eta zeuk bakarrik dakizuna. Nire bertsoak, ostera, mundu guztiak dakiz eta kanta eta kanta dabiz handik eta hemendik, gauza onen alde dirua batzeako.
       Entzun, jenteak be ederto kantauko ditu eta:

(Koruak urteten dau, KT ume eta gurasoak):
(Koruak eta herriak, makilak eta guztiz)

Bedeinkatua izan dedilla
eleiz honetako jentea
pobre ta umilde dabizanentzat
badute borondatea
Santa Ageda martirik maitea
dago errukiz betea
berak alkantzau ta emon daiskula
osasuna eta bakea.
Eup!
(Badoa korua)

Santa Ageda Korua


Luzia: Ai gizaja hori, jente askok kantau eta dirua batu, baina gero eurek ederto afalduteko gero!
Agate: Ez horixe! Hainbat laguneri lagunduko jako holan-eta!
I: Isi!, zeuek be ez berotu ba, ea gizonon joera txarrak kopiau behar dozuezan. Ea!, badaukazue beste ezer guk, aurkezle eta epaileok, zuon alde gure botoa emoteko ala?
Luzia: Bai, ipini nire ermitan, lurpean agertu ziran hilobietan, hantxe agertu zala Zeanuriko kurutzerik zaharrena.
Agate: Edo nire ermita luze zabalean gordeten diren esku-lan ikusgarriak eta nire jai hurrengo domekan koruak kantatzen dituan bertsoak nire bizitza goraipatuz.
I: Ederto ba. Hona hemen beste hautagai inportante bi. Itxaron ba azken epaia eta suerte ona zuoi be bai gure Zeanuri: ermitarik ermitena txapelketaren final honetan. Txalo bero bana.

(Musikeaz lagundurik badoaz. I bigarren planoan, B aurreratzen da hurrengo agerraldia zuzentzeko).


6.    agerraldia: Lontzo eta Antonio, pobreen zaindariak

B: Ez dago ba txapelketa erabagiteko bape errez. Hautagai indartsuak topau doguz. Zeanuri: ermitarik ermitena txapelketa finala su bizian dago. Eta nortzuk dira honeek, hain pobre jantzita datozenak ba.
Lorentzo: Entzun ni nor nazen:

Atxondo:
Otzemendiko Lontzo Santua
argituz dator iluna.
Eguerdian kanpaiak jota
barriz gatorkizuz Jauna:
itxi eiguzu kanta dagigun
guretzat egin dozuna.
(Doinua Pello Joxepe. Bakarlari batek edo lehengo koruak, edo koru bien artean banandu bertsoak)

Diakonua, gaur egungo Caritas taldearen aitzindaria, Erromako pobreen alde odola isuri nebana.
Antonio: Antonio nozu, santua, gaztea, ermita txiki apal bat daukat herrian, pobreakaz ogia zabaltzeko beharra beti gogoratuko deutsuedana.
B: Eta zuen ermiten ganean, zer barri? Badago ezer aitagarririk?
Lorentzo: Jakina! Otzemendiko ermitea, antxina parrokia izan zan, entzutetsuak dira nire omenezko jaiak, abuztuaren eguzkipean. Horreek bai jaiak horreek!
Antonio: Nire ermitea apala da, baina Antonio gaztea naz, eta hainbat jente doa errogatiban Urkiolara nire egunean.
Lorentzo: Eta beste gauza bat gehitu gura dogu. Txapelketa hau irabaziko bagendu, batak zein besteak, irabazitako sari guztia pobreei emongo geunskio.
Antonio: Jakina, horixe da gure ardurea, Jesusengandik ikasi genduan pobreen aldeko aukera garbia.
B: Entzutekoak benetan zuen arrazoiak, gogoan hartzekoak. Zoazie bakean azken epaia entzun artean.
Eskerrak giroa baketu eta baretu jakula apur bat; hainbeste ermita eta santu, ez da erreza giroa mantentzea beti lasai. 

(Badoaz musikaz lagundurik santuok, B bigarren planora, A aurrerantza)


Bitartekoa

Aurkezleak eta gurasoak

-Orain, telebistaz propagandea sartzen daben bitartean, zuen parte-hartze arteza eskertuko dogu.
-Persona bakotxari, papel baten, zuen ustez, zein dan Zeanuriko ermitarik ermitena azaltzea eskatuko deutsuegu.
-Papel batzuk zabalduko doguz, hor agertzen dira ermita guztiak. -Aukeratu bat, eta ipini zuen izena.
-Boto gehien jaso dauana izango da publikoaren aukerea.
-Parte hartzen dozuen guztien artean sari sorpresa bat zotz egingo dogu programaren amaieran, direktoan.


7.    agerraldia: Edurretako Andra Mari. Gero Adrian eta Balendin.

A: Konturatu orduko, ermitarik gehienak egin dabe euren defensea Zeanuri: ermitarik ermitena txapelketaren final honetan. Ea orain nor jatorkun:
(Bakarlari batek)

Atxondo:
Edurretako Andra Maria,
zeuk dozu gure ardura;
egizu bizi gaitezen jator,
zeu bizi zinan modura.
Gure fedean begoz argia,
alaitasuna, lilura,
sendo ta bizkor zabaldu daigun
Barri Onaren kultura.

Igiñatik nator, hantxe daukat ermita txiki-txikia. Neu naz mendizale eta artzainen zaindaria, Jesusen Ama, San Inazio egunean gogoratzen dira gehien nigaz zeaniztarrak.
A: Egia da, sarritan ahaztu egiten dogu ermita txiki apal hau, baina gogoan hartzekoa da…

(Sartu Adrian eta Balendin)
Adrian: Neu be ez naz oso ezaguna, baina badaukat Beobiden ermita txiki ikusgarria. Ezagutzen dozue ala?
Balendin: Piedadean daukat nik neure egoitza, bertotik hur-hurrean, parrokiara datorren jenteak begi bistan nauka, nahiz eta bisita gitxi euki jai egunetik aparte.
A: Ez arduratu, danak izango zarie kontuan hartuak. Guk gurata ez dogu inor ahaztuko, eta ona da hiru honeek be kontuan hartzea. Txalo bero bana.

(Badoaz musikaz, A atzera, bigarren planora, aurrera I)



8.    agerraldia: Blas eta Urban. Gero Santi Kurutz.

I: Eta hona gaur, Zeanuri: ermitarik ermitena txapelketa final honetan, azken hautagaiak. Blas eta Urban.
Blas: Dimako muga-mugatik nator. Eta ikusten dozuenez gotzainari dagokion mitrea daukat buru ganean. Zuei hainbat eztul eta eztarri min ez ete deutsuedan osatu nik ba! Nire gozoki eta kordoiak gaur egun be erabilten dira.
Urban: Ni gotzai bakarrik ez, Aita Santu be izan nintzan. Urkiako paraje zoragarri haretan daukat nire ermitea, Uribeko kofradian, leku baketsu, garai eta altuan. Zeanuriko muga jagoten nagoela dirudi.
I: Egia da, eta hurrenez hurren ospatzen dozue jaia be, ezta?
Eta nor dogu hau ba, isil-isil jatorkun beste hau?


Santi Kurutz: Muga-mugatik neu bai natorrela, Areatza eta Zeanuri arteko bitartekoa. Jesukristo gure Jaunaren kurutzearen omenez, soloak bedeinkatzeko gogoaz, nor ni baino aproposagoa txapelketa hau irabazteko ba?
I: Bueno, muga-mugako ermitak ditugu ba txanda honetakoak. Egon lasai, zuen merituak kontuan hartuak izango dira-eta. Pazientzia apur bat badaukazue, laster jakingo dozue-eta Zeanuri: ermitarik ermitena txapelketa final honen emoitza. Gogoratu daigun txapelketa honen esponsor nagusia Fontaneda galletak dirala, barauskarrietarako galleta surtidoen aukera paregabeak, Zeanurin gustukoenak eta aukeratuenak. Eta final hau, zuzen-zuzenean, Arratia telebistaz emititzen gabizela.

(Badoaz santuok eta kurutzea, B dator lehen planora).


9.    agerraldia: Mikel goiaingeruak

B: Eta Zeanuri: ermitarik ermitena txapelketaren finalaren azken txanpan, azken hautagi biak, biak izen berekoak; biak jai eguna egun berean ospatzen dabe, nahiz eta meza egunak aldatu beharra egoten dan.
Altzustekoa: Arrastion. Aingeruak bakarrik ez, goi-aingeruak gara gu, Jainkoaren gudalostearen buruak, Jainkoaren mandatariak, heriotzaren orduan zuen ekintza onak eta ez hain onak neurtuko dituenak.
Uribekoa: Hori guztiori egia da, baina ermitea, garbi, polit eta txukuna neurea, eta ez halan-holan beste bikotx honek daukan lez.
Altzustekoa: Kontuz zer dinozun gero!
Uribekoa: Ez dot esango ba, herri guztia jakitun dago-eta, ahalegin apur bat egin eta konpondu beharko zendula zure ermitea.
Altzustekoa: Kopla gitxi niri, zurea baino askoz zaharragoa da nirea-eta.
B -Gizonok! Zuen kalterako baino ez da-eta zuen pleitoa. Hona gauza onak agertzera eta ezagutzera etorri gara, eta ez zuen arteko norgehiagokak.
Tenplau, eta zoazie apurtxo baten deskansetan.
Zeanuri: ermitarik ermitena txapelketaren finala azkenera heldu da. Lehenego eta behin, herriaren botoak jasoko ditugu, ea herriak zein aukeratzen dauan Zeanuriko ermitarik ermitena.
Irabazleen artean, Fontaneda galleta surtidu kaxa bat, barauskarrien gailetak hain zuzen be, zotz egingo dogu. Horrezaz ganera, Euskal Herriko ermita txapelduna ezagutzeko biajea eta bazkaria be emongo jakoz irabazleari.
Baina, argi gelditu bei, Zeanuriko txapelduna, ordezkaria Arratia mailan lehiatzeko, hori geuk, epaile aurkezleok, izendatuko dogu.

(Tartea emon botoak jasoteko eta kontatzeko, eta irabazleen artean galleta kaxa zotz egiteko. Hau erdi broman egin leiteke)


10. Azken agerraldia: azken epaia

-: Zeanuriko parrokian bertan zagozien entzuleok
-: Arratia telebistan programa hau jarraitu dozuenok
-: Interneten bidez mundu osoan zehar gugaz bat egin dozuenok
-: Ez da aukera erreza guk daukaguna gaur
-Hamaika motibo eta arrazoi eder
-Hainbat historia eta arte
-Musikaz eta maitasunez.
-Hona hemen gure epaia:

Ermita dan-danak, txiki zen handi, zahar zein barri,
Dan-danak txalotu eta goraipatzen ditugu:
Justo eta Pastor umeen xalotasuna ebanjelioa biziteko orduan. Isidroren otoitza eta lana
Pedro, Santiago eta Ander apostoluen testigutza: eurei esker heldu da gugana kristau fedea.
Joan Bateatzailearen ahots profetiko argia
Luzia eta Agedaren esku zabaltasuna eta emakumearen parte-hartzea
Lontzo eta Antonioren pobreen aldeko aukerea
Edurretako Amaren zaindaritza mendizale eta pastoreakaz
Adrian eta Balendinen fede alaia
Blas eta Urban gotzaien zuzendaritza zabal eta osasungarria
Kurutze santuaren oroitza bizizalea
Mikel goiaingeruen zaindaritza eta Jaunaren mezua gureganatzea
Beraz, gaurko gure irabazlea, eta hurrengo fasera joango dan Zeanuriko ordezkaria…

(Azafata/azafato batek sobre bat ekarri eta zabalduko dau irabazlearen izena emoteko)

Eta amaitzeko, gabon giro eder honetan, hurreratu gaitezan gura dogun guztiok, Jesus umearen irudiarengana, mun eginaz eta gabon kantak abestuz. Aurretik epaile-aurkezleak, ermita guztien aktoreak, eta gero publikotik gura daben guztiek.

(Gabon kantak abestuz umearen irudia eskeiniko da.)

2013-09-10, San Nikolas Tolentinoaren egunean.

Zeanuriko ermitarik ermitena.

Epaileen azken berbea.

Zeanuriko ermita guztien
meritu handiak ikusita,
Auzokoek zelan maite dabezen eta jagon,
Ermitak Jesusengana hurreratzeko tresna egoki direla kontuan harturik,
Egunotan gabon jaiak badatozela-eta,
Gure sariaren irabazlea:

Ermita guztiak ex-equo,
hau da,
danak irabazle parez pare.

Zorionak eta txalo handi-handi bat
ermita guztiei eta euren omenez
antzerki hau prestau dozuen guztioi!

Zorionak eta urte barri on!

No hay comentarios: